XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Horregatik-edo, gehienok ontzat eman genuen saioa.

Hala ere, fidagaitzen bat edo beste sinestu ezinik gelditu zen.

Eta gehiago xehatzea ere eskatu zigun; besteak beste, ea azalduko genuen zer izango diren zehaztapen-mailak.

Eskerrak idatzita eraman genuen.

Nahiko burutua lehen maila, zertxobait landua bigarrena eta zirriborratuta hirugarrena.

6.1. Lehen zehaztapen-maila: diseinu orokorra

Planteamendua

Hasi aurretik, gogora dezagun 5. puntuan egindako aukera, kurrikulu-garapena hobetsiz eta ezarpena gaitzetsiz.

Horren arabera, azken batean, euskaltegi bakoitzak garatu behar du bere kurrikulua, bere kurrikulu inplizitua azalera ekarriz, eta behar den neurrian osatuz eta zuzenduz.

Kontua ez dela, alegia, HABEren kurrikulua egokitzea, baizik eta euskaltegi bakoitzak berea garatzea, marko administratibo baten baitan.

Beraz, HABEren HEOK dokumentua eskaintza eta diseinu da, HABEk euskaltegien eskuetan ipini eta baliabide batzuez hornitzen duena, euskaltegiek beren kurrikulua gara dezaten.

Eta gida moduan hartuko du euskaltegi bakoitzak bere kurrikulua garatzeko.

Beraz, HABEk ez ditu euskaltegiak bere gisa uzten, inolako orientabide eta laguntzarik gabe.

Autonomiara bultzatzen ditu, baina baliabideak eskainiz.

Euskaltegi bakoitzari dagokio, marko administratibo zehatz baten baitan, lehenengo eta behin, eskaintza hori jarrera dialektikoz bereganatu eta, ondoren, bere kurrikulua eta kurrikulu-proiektua garatzea, modu dialektikoan.

Horiek horrela, hurbil gaitezen HEOK dokumentura.

Gero, jarraian, ikusiko dugu nola gara dezakeen euskaltegi batek bere kurrikulua.

HEOK dokumentua, hasteko, hainbat erabakiren emaitza da eta beste hainbaten abiapuntu, lehen esan bezala.

Bi oinarrizko aukera ere aztertu eta azaldu (azalera atera) ditut: zientziaren aldekoa eta oinarri hirukoitz baina bakarraren aldekoa.

Gainera, beste aukera batzuk ere badaude dokumentuaren lehen atalean, Oinarriak izenekoan; eta horiek ere ikusi ditugu, oso gainetik bada ere, bi funtsezko aukeraren isla diren neurrian.

Dokumentuan, gero, ikas-irakaskuntzaren osagai batzuk lantzen dira bigarren atalean.

Berez, zenbait oinarri edo iturri har daitezke kontuan, lehen zehaztapen-maila zedarritzerakoan: linguistikoak, psikologikoak, soziologikoak, didaktikoak, eta abar.

HEOK dokumentuan, oinarri linguistikoak, psiko-linguistikoak eta soziokulturalak aukeratu dira, hizkuntz irakaskuntzaren berezitasunak kontuan hartuta.

Ikas/irakaskuntzaren osagaiak, berriz, ikasprozesuko aldagai nagusiak ditugu. Zenbat diren? Esaterako, Gimeno Sacristánek sei aipatzen ditu (1981), irakaskuntza orokorrean hartuta: helburuak, edukiak, komunikazio-harremanak, baliabide teknikoak, antolaketa, eta ebaluazioa.

HEOK dokumentuak, bere aldetik, lau bereizten ditu, hizkuntz ikas/irakaskuntza kontuan izanik: helburuak, edukiak, metodologia eta ebaluazioa; mailaz maila zehaztuz, gainera, helburuak, edukiak eta ebaluazio-irizpideak.